ZURE BESOAK BEHAR DITU, ZURE BESOETAN BEHAR DUZU

l

Haur jaio berri batek, bere gurasoen, eta batez ere bere amaren kontaktua behar du. Behar bat da, instintu bat da, atxikimendu instintua da.

 

 

Kontaktua, usaina, azala… sentitu behar ditu seguru dagoela jakiteko.

 

 

Haurdunaldiko 6-7 garren hilabetetik, atxikimendu sena sortzen da haurra eta amaren artean. Instintu garrantzitsuena da, honen gainean eraikiko baitira beste guztiak. Atxikimendua, zaindu egin behar da, asetu egin behar da.

 

Baina era berean, ez dugu ahaztu behar, jaiotzaren momentuan, amari beste instintu bat ere pizten zaiola, eta hau, zaintza instintua da. Amak, haur jaio berria zaintzeko beharra dauka, babesteko beharra dauka, eta hau ere sen garrantzitsu bat da. Sen hau ere ase eta zaindu behar da.

 

Horregatik jakin behar dugu, askotan, amak bere haurra beste edonoren besoetan utzi nahi ez izatea, ez dela arazo bat, baizik eta behar bat dela. Amak bere haurra bere besoetan edukitzeko beharra dauka, horrela haurra babesten duelako. Instintu hau asetzen lagundu behar diogu.

 

Askotan  bikoteek, besteek  beraien haur jaio berria besoetan har dezaten behartuak sentitzen dira, pentsatzen dutelako hartzen ez uzteak, edukazio falta bat izan daitekeela.

 

 

Haurrak bere gurasoen besoak behar ditu, ez beste inorenak. Amak haurra bere besoetan behar du.

Era honetan bai haurra eta baita ere amaren instintuak asetuak egongo dira eta beharrezkoa den lotura sortuko da. Lotura ziurra.

 

Lotura honek haurdunaldi osteko egonkortasuna lortzen lagunduko die biei, amari eta haurrari. Ama ziurrago sentituko da, eta prest dagoenean bere haurra besteen besoetan utziko du.

 

Zer gertatzen da ama bati bere haurra besoetatik kentzen diogunean?

 

Ez diogu uzten bere beharrak asetzen. Ez diogu uzten bere haurra babesten eta bere zaintza instintua asetzen. Gainera erasotzeko instintua pizten zaio, eta honek segurtasun falta handia sortuko dio beregan eta beste pertsonengan. Bere haurra babesteko beharra handiagoa izango da eta bere inguruarekin gatazkak sortuko dira.

 

Beraz, oso garrantzitsua da gurasoek jakitea, beraiek erabaki behar dutela haurra besteen besoetan utzi edo ez, eta ezetz erabakitzen badute, erabat onargarria eta naturala izango dela. Bestalde, guraso berriak bisitatzera edo ikustera goazen pertsonak ere jakin behar dugu, gurasoek ez badute eskaintzen, ez dugula haurra besoetan hartu behar.

 

l

 

 

 

Perfil sarrera blog Mireia