ZERGATIK EZ DA ZIGORRA ERABILI BEHAR?

Bi motibazio mota daude: estrintsekoa eta intrintsekoa. Estrintsekoa kanpotik datorkigun motibazioa da (norbaitek zoriontzen gaituenean, soldata on bat jasotzen dugunean, zigor bat jartzen digutenean, norbait gurekin haserretzen denean…), eta intrintsekoa aldiz, gure barrutik ateratzen dena da (gauza bat lortu eta arro sentitzen garenean, beste pertsona batek, guk izandako jokaera desegokiagatik atsekabea sentitzen duenean eta horrek hunkitu egiten gaituenean, ariketa bat egin eta gustura sentitzen garenean…)

Biak dira garrantzitsuak, baina intrintsekoak, epe luzera indar gehiago dauka, eta hori da gutxien lantzen duguna. Errefortzu eta zigorrekin hezten ohitu gara: eskolan, gauzak ondo eginez gero, ikasiz gero, jarrera ona izanez gero… nota onak (errefortzu positiboa) jasotzen ditugu, eta alderantziz, jarrera desegokia edo ikasketetan eskas ibiliz gero, errekreorik gabe gelditzen gara edota ebaluazio eta nota txarrak jasotzen ditugu (zigorra). Etxean berdin: Jarrera egokiarekin atentzioa, irribarreak, gometsak… lortzen ditugu, aldiz jarrera ezegokiarekin zigorra.

Zer lortzen dugu sistema honekin? Epe motzera, lorpen batzuk ikus daitezke bai, baina epe luzera? Etengabe kanpoko balorazioa jasotzen dugu, kanpotik datorren motibazioa, estrintsekoa, eta horrela, ondo funtzionatzeko etengabe errefortzuak eta zigorrak behar ditugu (balorazio negatiboak, isunak, soldatak, zoriontzeak…). Noski, normala da, txikitatik hori ikasi dugulako, ez dakigulako beste era batera funtzionatzen.

Zergatik ez da ona haurrak zigortzea?

Pentsatu adibide honetan: “Bilera bat duzu, eta berandu zoaz. Kotxea aparkatzeko leku bat bilatzen ari zara, baina ez duzu aurkitzen. Beraz, marra horian uzten duzu. Bueltatzean, isuna ipini dizute, eta udaltzaina zain daukazu. Bertan ezin dela aparkatu esaten dizu. Hurrengo astean, berriro bueltatzen zara eta egoera berdinean aurkitzen zara, baina gaurkoan, ohar batean honako hau jartzen du: Asteartetan, udaltzainak ez du lanik egiten eta beraz, ez da isunik jartzen. Gaur asteartea da, beraz dudarik gabe, bertan aparkatzen duzu. Zigortzailea edo zigorra bertan ez daudenean, jarrera desegokia (marra horian aparkatzea) errepikatzeko aukerak gehitzen dira.

Orain pentsatu beste honetan: “Bilera bat duzu, eta berandu zoaz. Kotxea aparkatzeko leku bat bilatzen ari zara, baina ez duzu aurkitzen. Beraz, marra horian uzten duzu. Bueltatzean udaltzaina dago zure zain, ez dizu isunik jarri baina zera esaten dizu: etxe honetan, gurpildun aulkia erabiltzen duen gizon bat bizi da. Kotxea bertan aparkatzen baduzu, oztopatu egiten duzu. Mesedez ez hemen aparkatu. Hurrengo astean, berriro bueltatzen zara eta zure egoera berdina da, baina gaurkoan, ohar batean zera jartzen du: Asteartetan, udaltzainak ez du lanik egiten. Gaur asteartea da, baina ba dakizu, bertan aparkatuz gero norbait oztopatuko duzula. Hau da, norbait horrek gaizki pasako duela. Kasu honetan aparkatuko al zenuke?

Kasu honetan zigortzailerik ez dago, baina jarrera desegokia errepikatzeko aukerak askoz ere txikiagoak dira, gure jarrerak norbaiten sentimenduetan eragina izango duelako. Kasu honetan jarrera desegokia ez egiteko motibazioa intrintsekoa da, barrutik datorkigu. Eta epe luzera, eraginkorragoa izango da.

Haurrei motibazio hau lantzen lagundu behar zaie, etorkizunean, motibazio mota hau, beraiengan eraginkorra izan dadin. Zenbat eta zigor gehiago erabili, orduan eta zigor gehiago beharko ditugu.

Antzeko adibidearekin jarraituz:

  • Zeintzuk dira helduen ohiko zigorrak? Isunak.
  • Nork jartzen ditu? Udaltzainak, poliziak…
  • Pertsona hauekin ze harreman mota dugu? Tentsioa, beldur puntua, sentimendu negatiboa…

Gure seme alabek gurekin ze harreman mota izatea gustatuko litzaiguke?

Zigorrek, indarra erabiliz irabazten erakusten dute.

Haurrarekin egin behar dugu lan, ez bere aurka.