ZEINTZUK DIRA HAURREI JARRI BEHARREKO MUGAK?

 

Haurrari mugak jarri behar zaizkiola entzuten dugu egunero, mugak jarri ezean, haurrak nahi duena egiten duela eta gaizki ohitzen dela.

Eta azkenean gurasoek mugak jartzen ditugu, noski, pentsatuz haurrak egunero muga errazio bat behar duela. Baina kasu honetan, kontua ez da kantitatea, kalitatea baizik.

Mugak jartzeko orduan, egokiak jartzen baditugu, dena ondo joango da. Dena ondo bukatuko da. Mugak bi multzotan banatuko ditugu. Derrigorrezkoak eta aukerazkoak:

 

Derrigorrezkoak

Segurtasuna eta Errespetua bermatzen dituzten mugak.

  • Segurtasuna: Haurra bera eta bere ingurukoak seguru mantendu behar ditugu.  Objektu arriskutsuak, kolpeak, alturak, errepideak, osasuntsuak ez diren elikagaiak (gozokiak)… Haurrak min hartzeko arriskua badu edo norbaiti min emateko arriskua badago, muga bat jarri behar da. Beti.
  • Errespetua: Haurra bera eta bere buruarekiko eta besteekiko izan behar duen errespetua. Irainak, kolpeak, garrasiak, baimenik gabe bestearen zerbait hartzea, objektu materialak etengabe erostea, ingurunearekiko errespetua, haurraren auto-estimua…
  • Gero noski, gizarte bakoitzak jartzen dituen mugak, baina hauek denak normalean segurtasunarekin eta errespetuarekin lotuak daude..

Beste guztia ez mugatzeagatik, ez da ezer larririk gertatzen.

Haurrak behar dituen mugak bi oinarri hauek izan behar dituzte. Segurtasuna eta errespetua.

 

Aukerazkoak

Beste guztiak ez du eragina izango haurraren jarrera egokian edo desegokian, edo errespetuan, edo autoritatean. Beste guztiak, aukerazko multzoan sartuko genituzke.

Muga hauek ez dute eragina izango jarreran, bizi ohituretan baizik. Momentuko eta etorkizuneko bizi ohiturekin. Garrantzitsuak dira? Famili bakoitzarentzat bereak, bai, garrantzitsuak  izango dira. Familia bakoitzak bere beharren arabera jartzen ditu.

Derrigorrezkoak dira? Ez, aukerazkoak dira.

Eta honen guztiaren arabera, mugak desberdinak izango dira.

-Familia batek garrantzia handia emango dio haurraren arropa garbi mantentzeari. Beste bati berdin izango zaio. Kasu honetan lehenengoak gatazka gehiago izango ditu, zaila delako haur baten arropa garbi mantentzea. Gainera haurrak bere arropa garbi mantentzen ikasiko du ohitura hori izango du, baina honegatik agian beste gauza asko egiteari utziko dio eta gauza berriak ikasi eta probatzeari uko egingo dio. Gainera gizakiak naturalki ikasiko du garbi mantentzen, “nazka” emozioa dugulako eta honek horretan laguntzen gaituelako modu instintiboan. Gogoratu kasu honetan, garbi mantentzea, gurasoen behar bat dela, eta ez haurraren beharra.

-Berdin adibidez sukaldeko tresnekin jolastearekin. Famili batzuek onartzen dute haurrak bere eskura dagoen eta segurua den guztia jolaserako erabiltzea. Beste batzuek ez. Kasu honetan ere bigarren familiari zailago egingo zaio. Lortuko du muga hau jartzea pixkanaka, baina seguraski gatazka gehiago izango dituela haurrak bere naturan darama eta esploratzeko eta jolasteko beharra.

-Familia batzuk sofa eta ohe gainean saltoka aritzea onartuko dute eta beste batzuek ez. (Beti ere segurtasuna bermatuz)

-Familia batzuk ordutegi oso finkoak dituzte beste batzuek ez.

-Muga hauek ere aldatzen joan daitezke. Nik lehen ez nien uzten haurrei salan jaten, papurrak erortzen zirelako, baina xurgagailu robota erosi genuenetik, muga hori ez da existitzen gure etxean, papurrak erortzeak ez duelako inoren egunerokoa mugatzen. Lehen bai, norbaiten garbitu behar zituelako, baina orain ez, robotak egiten duelako.

Dena da onargarria. Muga batzuk onartzea, haurrari zailago izango zaio, baina familia bakoitzak aukeratzen ditugu muga batzuk eta hauek errespetatu egin behar dira.

Ala ere argi eduki behar duguna da: Zenbat eta gehiago egokitu inguru guztia haurrari,  orduan eta muga gutxiago jarri beharko ditugula, eta errazago izango da guztiontzat.

l

l