NOIZ KENDU PIXOIHALA?

Uda dator eta etxe askotan galdera hau egiten hasi dira

“Noiz kendu behar diozu fardela? Uda dator eta momentu egokia da, gero ikastolan hasiko da eta hobe fardelik gabe hastea …”

Eta horrela al da? Uda al da pixoihala kentzeko garairik egokiena?

Esfinterren kontrola, haurraren garapenean prozesu natural bat da. Esfinterren kontrola ez da ikasten, lortu egiten da modu naturalean. Ez dago momentu zehatz bat. Uda momentu erosoa izan daiteke gurasoentzat, baina ez haurrarentzat. Ez behintzat prest ez dagoenean.

Esfinterren kontrola ez da egun batean lortzen den zerbait, prozesu bat da. 2 urterekin hasi daiteke eta 5-6 urte bitartean bukatu. (3.- 4. urte bitartean eguneko kontrola eta 6. 7.  urte bitartean, gaueko kontrola. Batzuetan gauekoa ere gehiago luzatu daiteke.)

  • 18 hilabeteekin, maskuria beteta duenaren sentsazioa nabaritzen hasten dira.
  • 3 urterekin, txiza aguantatzeko gaitasuna izango dute, denboratxo batez.
  • 5-6 urterekin posible da erabat lortzea.

Orduan prozesu guzti honetan gauza asko gerta daitezke. Haur guztiek lortzen dute lehenago edo beranduago. Oinez hasten diren bezalaxe, esfinterren kontrola ere lortu egiten da eta haur batzuk urte batekin oinez hasten diren bitartean beste batzuk 17 hilabeteekin hasten dira.

Momenturik egokiena fardela kentzeko (pixkanaka), haurra prest dagoenean izango da. Eta noiz dago prest? Seinale batzuk ba daude:

  • Fardela lehor eta garbi mantentzen da. Horrek esan nahi du bere esfinterra garatuago dagoela.
  • Txiza edo kaka egin nahi duenean esan egiten du.
  • Berak eskatzen digu fardela kentzeko
  • Berak ere komuna erabili nahi duela adierazten du.

 

Zer ez egin?

  • Fardelik gabe badago, pentsatu dugulako prest dagoela, eta pixa edo kaka gainean egiten badu oso garrantzitsua da ez zigortzea, aurpegiratzea, zikina dela esatea, aurpegi txarra jartzea, …
  • Komunean eserita egotera behartu kaka edo txiza egin arte.
  • Etengabe komunera joatera behartu edo galdetu.

 

Zer egin pixoihala kendu badiogu eta txizak edo kakak irteten badio?

  • Garrantzia kenduko diogu.
  • Animatu egingo dugu
  • Lagundu egingo diogu aldatzen eta garbitzen.
  • Lagundu eta erritmoa errespetatu.

 

Prozesu guztietan aldaketak egon daitezke, atzerapausoak. Fardela kendu eta konturatzen garela oraindik ez dagoela prest, ba berriro jarri. Arazorik gabe. Etxean ondo kontrolatzen duela baina eskolan ez dela seguru sentitzen? Ba etxean fardelik gabe eta eskolan fardelarekin. Haurraren beharretara egokitu.

 

Eta eskolak edo haurtzaindegiak behartzen duenean fardela kentzera?

Hau inoiz ez da izango haurraren arazoa, baizik eta zentroaren arazoa baizik. Haurraren garapena ulertzen duen edozein entitatek, prozesu hau errespetatuko du. Helduak egokitu behar du haurraren erritmora eta ez alderantziz.

 

Zer gertatu daiteke ez badugu erritmoa errespetatzen?

  • Frustrazio gurasoengan eta haurrarengan
  • Auto estima arazoak sor ditzake, haurrak beraz espero duguna ezin duela lortu ikusten duenean.
  • Segurtasun falta norberak kontrola ez izateagatik.
  • Enkopresi retentiboa. Haurrak kontrola galtzearen beldurrez, kaka eusten du eta honek arazo larriak ekar ditzake. Goizegi hasteagatik edo gehiegi presionatzeagatik gerta daiteke hau.

 

Nola lagundu:

  • Haurra behatu. Denok ditugu ordutegi batzuk. Haurraren ordutegia behatu eta momentu horietan komunera joateko aukera eskaini.
  • Arropa erosoa berak azkar kendu ahal izateko.
  • Ikasteko pixoihala: klero eta galtzontziloen antzekoa diren horiek.
  • Pixontzia, edo komunera erraz ailegatzeko lagungarriak.
  • Ipuinak

 

Beraz, fardela kentzeko: presarik gabe, haurraren erritmoa errespetatuz, haurraren beharretara egokituz.